Urriaren 31n neguko solstizioa hastearekin batera, jatorri zeltiarra duten hainbat erritu egin izan dira Europa osoan, baita Euskal Herrian ere, urtearen heriotza, uzta bilketa eta hildako senideen oroimena ospatzeko. Errito paganoak, beranduago, erlijio katolikoak egokituko zituenak.
Herri gutxi batzutan mantendu izan dira, hala nola, kalabazak edo arbiak hustu, aurpegi itxura eman, kandela txiki bat sartu eta bide bazterretan argiztatuta uzten zirenekoak; eske-errondak, bertsotan atera, etab. Baina beste asko urteetan zehar galtzen joan dira, egiten zenaren ezagutza galtzeraino.
Izan ere, irlandarrek Ameriketara eramandako ohitura hauek, bertan indartu eta ospetsu bilakatu dira, baina beste balore eta kutsuarekin.
Duela urte batzuk, jatorriko ospakizunak berreskuratzeko lana egiten ari dira hainbat elkarte, eta San Gabriel eskolan ere lanean dihardugu, bereziki oinarrian zeuden baloreak berreskuratu nahaian. Gau beltzaren jaiak euskal kulturaren ikuspegitik lantzeko aukera ematen digu: naturaren atxikimendua, beldurrei buruz hitz egin, heriotzaren gaia atera, auzolana, garaiko produktuak edota euskal musika jorratzeko ere bai.
Gau Beltza edo Arimen Gaua urriaren 31n ospatzen da Euskal Herrian eta gure ikasleek bertatik bertara bizitzeko aukera izango dute, Eskolako etapa ezberdinetan, hainbat jarduera, ekintza eta komunikazio burutzen ari baikara transmisio lan hau eginez, gaurko errealitatera egokituz: kalabazak hustu, kandelak piztu, trapu zaharrekin mozorrotu, ipuinak kontatu, abestu…
Horrez gain lanketa hau egiteko webgune ezberdinak izan ditugu kontutan, zuek ere eskura izan ditzazuen hemen dituzue helbideak: